Euskarazko bideoak, telesailak, bideojokoak eta filmak

Blog honetan duela urte batzuk idatzi nuenean aspektu batzutan oso egoera ezberdinean geunden.

Gaur interneten euskarazko ikusentzunezko edukia legalki hainbat lekutan topa dezakegu, baina erreferentzia eztabaidaezinena ZerNonIkusi da. Atal ezberdinetan Plataformetako edukia, Youtubeko edukia eta bilaketa egiten dugun egunean zinemetan euskaraz ikus dezakeguna agertuko zaizkigu (kontuan izan aste batetik bestera alda daitekeela azken hau). Ez da ikusentzunezkoetan topa dezakegun guztia, baina bai zati oso erraldoi bat. ZerNonIkusiren youtubeko atalaren aplikazioa dago, ZniTB, mugikorrean, Chromecastean edo Android duen telebista batean instala dezakezuena.

Beste plataformetan ere badabiltza euskaldunak, Twitchen esaterako euskaldun asko ibili dira zuzenekoak egiten. Une jakin batean nor dagoen jakin nahi baduzue Ion Lizarazuk sortutako tresna hau erabil dezakezue.

Tiktoken euskal sortzaileen jarraipena egitea zailagoa da eta nik dakidala ez dago tresnarik. Hala ere #euskaraz, #euskalherria, #euskaldunaktiktoken eta antzeko bilaketak egiten agertuko zaizkizue batzuk.

Peertube.eus kasu berezi bat da, izan ere bertako eduki guztia (ia-ia-ia guztia esango dugu) euskaraz dago. Beraz ez du bilaketa tresna beharrik. Editatu osteko bideoak zein zuzenekoak ikus ditzakezue bertan, hainbat tematika ezberdin topatuko dituzue: badaude tarotari buruzko bideoak, elkarteen artxiboak , Jokin_pa edo arkkusoren denetariko kanalak, software librearen inguruko hainbat gairen bideoak eta baita bideo edizio tutorialak ere. Ni ere topa nazakezue, hemen. Hauek adibide batzuk bakarrik dira, begiratu ea zer topatzen duzuen eta topatzen ez duzuena sortzera animatzen zaituztet <3

Peertube telebistan ikusteko? Ba nik (hau aukera pertsonala da) NewPipe erabiltzen dut.

Bideojokoei dagokienean oraindik ere ez daude asko euskaraz, horregatik bereziki garrantzitsua da Gamerauntsiaren webean dagoen euskarazko bideojokoen atala, batzuk ofizialki eta besteak zaleek itzuliak. Aipamen berezia: Ibaios.eus. ZerNonIkusiren youtubeko atalean ere bideojokoek bere txokoa dute, hemen ikus dezakezue.

Ezagutzen dituzue tresna gehiago? Baten bat ahaztu zait? Idatzidazue eta joango naiz editatzen eta gauza berriak sartzen.

Euskarazko komunitateak Telegramen

(Komunitate berriak sortzen badira eguneratzen joango naiz)

Telegram jende askok zaletasunak partekatzeko erabiltzen duen tresna da (besteak beste ez delako telefono zenbakia partekatzen taldekideekin, Whatsappen ere aukera hori laster egongo dutela iragarri dute), eta interes ezberdinak dituzten euskaldunek ere euren txokotxoak sortu dituzte.

Manganime komunitatean manga eta animeez hitz egiten da, euskaraz ateratzen denaz informatu edo hizkuntzalaritza/bikoizketa bitxikeriak partekatzen dituzte: https://t.me/euskal_manganime

Bideojokozaleentzako Gamerauntsia dago, urtean zehar ekintzak antolatzen dituen talde bat izateaz gain Telegramen talde jendetsu bat dute bideojokoen inguruko berriak komentatu edo gustatu zaizkien jokoez hitz egiteko. Honetaz gain euskarara itzulitako bideojokoen berriak ere izango dituzue: https://t.me/gamerauntsia

Azken urteotan rol jokoen munduak gorakada nabarmena eman du euskaldunon munduan, jardunaldiak antolatu dira, partidak, rol jokoak joan dira ateratzen… eta rolariak biltzeko topagune bat dute telegramen: https://t.me/rolariak

Film eta telesailek arrakasta asko dute, baina pantailetatik euskara desagertu zen bezala, hauek komentatzeko espazioak ere ez ziren asko, eta hor sartzen da zinema gomendioak, zine eta telesailzale euskaldunen komunitatea: https://t.me/+TUaLayUYx8MohlRx

Dena dela, azken urteotan geroz eta gehiago ikus dezakegu euskaraz, baina horrenbeste gauza berriren artean nola dakigu zer ikus daitekeen euskaraz? Ba beno, ZerNonIkusiren telegram kanal (adi, kanal esan dut, mezuak jaso bakarrik egingo ditugu) hau erabiltzen https://t.me/zernonikusi

Software libreak komunitate zabala du euskal herrian, eta komunitate horren isla da librezale taldea https://t.me/librezale

Hezkuntza komunitatea eta teknologia (software librea) gaiak uztartzen Hezkuntzan librezale dago https://t.me/hezkuntzanlibre

Software librearen inguruko zalantzak dituenak beste komunitate hau du https://t.me/SoftwareLibreZalantzak

Ğ1 moneta digitalaren inguruan hitz egiteko ere sortu da euskarazko komunitatea https://t.me/g1euskaraz

Baina arraroa kirolik ez agertzea, ezta? Duela gutxi NFL Euskaraz sortu da, estatu batuetako futbol amerikar liga ospetsuaren jarraitzaile euskaldunak batzeko txokoa, denboraldia hastear den honetan euskal zaleekin bizitzeko aukera aparta dugu 🙂 https://t.me/NFLEuskaraz

Twitterreko espazioez hitz egiten baipasan

Euskarazko eduki sortzaile digitalak



Spotifyn entzuteko hemen
Ivooxen entzuteko hemen
Anchor-en entzuteko hemen
RSS Jarioa hartzeko hemen

#3000Twitz eta Pantailak Euskaraz



Spotifyn entzuteko hemen
Ivooxen entzuteko hemen
Telegramen entzuteko hemen
Anchor-en entzuteko hemen
RSS Jarioa hartzeko hemen

Txappela aplikazioa azaltzen saiatzen

Bertsolari txapelketen inguruko jolasa planteatzen duen Txappela aplikazioa sortu dute, eta bideo honetan funtzionamendua azaltzen saiatu naiz, ea gustatzen zaizuen:

Eguneraketen berri izateko weba, twitter eta telegram kontua dituzte.

Parte hartzen baduzue hemen doaz bertso eskola batzuk:
Euskal Twitterrekoa: txioherria deitzen da, pasahitza: ilgoropil
Euskal Twitchekoa: 3000twitz deitzen da, pasahitza: #euskara

Ea ba bertan ikusten garen!

La movida de ser hablante de una lengua minorizada en los tiempos de internet

Momentuz gazteleraz egin dudan bideo bakarra da, intentzionalitate argi batekin nabarmena denez. Eudkaldunoi sortzen zaizkigun arazoak beste komunitateekin partekatzea zen asmoa. Eztabaida beste esparruetara eraman, eta aurreko postetan komentatu ditudan eskaerei jende gehiagok babesa ematea. Hemen duzue ikusi nahi baduzue:

Twitch eta euskara

Azken urteetan zuzeneko bideo emisoak egiteko Twitch plataforma erabiltzaile gorakada nabarmena izaten ari da.

Bereziki 2020ko martxoko Covidaren krisialdiaren eraginez ezarritako itxialdien kontestuan jendea etxetik atera ezinda, jende estimatuarengandik isolatuta… Hasi zen nabarmentzen gorakada hau eta baita euskal komunitatea saretzen ere.

Horren aurretik Twitch bereziki bideojokoen inguruko komunitatean zen ezaguna. Jendeak bideojokoetara jolasten zuen eta ikusleek komenta zezaketen, eta bideojoko txapelketak ere ikus zitezkeen.

Baina denborarekin jende geroz eta anitzagoa joan zen sartzen, “Just chatting”, “Musika” edo “Artea” bezalako kategoriak sortzerarte. Izan ere, Twitch erabiltzeko orduan kategoriek garrantzia handia dute.

Jendearen zuzenekoetara iristeko hainbat modu daude: Sartzen zarenean jada jarraitzen dituzun eta momentu horretan zuzenean dauden streamerrak (zuzeneko emisioak egiten dituztenak) agertzen zaizkizu zerrenda batean. Hori da “betiko jendea” ikusteko modu ohikoena, eta bereziki baliagarria euskal komunitatean gero ulertuko duzuenez.

Bestetik bideojokoka edo kategoriaka bilatu ditzakezu. Modu honetan ikusleari interesatzen zaiona egiten duen jendea agertuko zaio, askotan ezezaguna. Oso ondo dator jende berria ezagutu edo gauza zehatz baten bila bazabiltza (joku zehatz bat nola den ikustea, musikari berriak ezagutzea, lasai egoteko zerbait topatzea…)

Eta hemen dator arazoa, behin kategoria batean sartuta bi filtroren arabera ordenatzen dira streamak: ikusle kopurua (gehien dituen streametik gutxienera edo alderantziz) eta hizkuntza. Ikusleak markatuta duen hizkuntza markatu dutenak separatuta agertuko dira. Eta ez dago euskara.

Honek esan nahi du ia ezinezkoa dela euskarazko stream bat topatzea kategoria batean, normalean euskal streamerrak oso hizkuntza handiak dituelako aukeratzeko. Teorian zentzuzkoenak hauek dira: Gaztelera, frantsesa, ingelesa edo besteak (hizkuntza kategoria zehatz bat da). Nik normalean gaztelera jarri ohi dut pentsatzen gaztelera jarri duen norbait euskalduna izan daitekeela, eta euskal komunitateak askotan streamaren tituluan [EUS] jartzeko ohitura hartu dugu, topatzen errazagoa izateko.

Baina errealitatea da ez dela erraza, izan ere edozein hizkuntza talde hartuta ere ehundaka edo milaka stream egon daitezke, eta handienetik txikienera edo txikienetik handienera ordenatuta ere zaila izango da lehen orrian agertzea. Eta euskara ikustezina izateak euskaldunak ezinbestean erdaretan ikusi eta aritzera garamatza, are gehiago hizkuntzarekiko kontzientzia gabe (onar dezagun, egoera erdi normal batean hau hiztunon gehiengoa izango da).

Horregatik euskarazko streamak ikusteko modu ohikoenetako bat ezagutzen ditugun euskal streamerrak jarraitzea da, hasierako zerrenda horretan agertu daitezen. Beste aukera bat raidak egitea da. Raida stream bat amaitzera doanean streamerrak bertako ikusle guztiak beste stream batetara pasatzea da, horrela ikusleei kanal berriak ezagutarazten.

Egun batean erdalgune batean bizi den nire lehengusu (adinez) txiki bat Fortniten (bideojoko oso ezagun bat) jolasten ikusi nuenean pentsatu nuen lehen aldiz streameatzea. Haren etxean bere arrebak bakarrik daki euskaraz, eta pentsatu nuen nik ere bideojokoak atsegin ditudanez zerbait egin nezakeela nire lehengusuek euskaraz zertxobait gehixeago jaso zezaten.

Eta denborarekin euskal streamerrak elkartzen hasi ginen, eta behin elkartzen hasita hainbat gauza sortzen ikusgarritasuna handitze aldera: telegram kanal bat dago (hau), zuzenekoak egitean alerta bidaltzen duena (orduro begiratzen du, beraz batzuetan nahiko berandu abisatu dezake), euskal streamerren zerrenda hau ere badago (nahi eta ahal baduzue jarraitu itzazue edo harpidetu zaitezte haien kanaletara, eskertuko dute babesa).

Etiketaren aldeko borroka ere abiatu genuen. Kataluniarrek lortu dute katalanez ari direla esaten duen etiketa onartzea Twitchek eta euskal komunitateak 3000Twitz ekimena jarri zuen martxan. Originalki bigarren euskaraldiaren amaieran zer ospatua izan zezakeen kanpaina izango zen, eta kataluniarrek lortu zuten denboran-edo gure etiketa izatea lortuko genuen. Zoritxarrez ez zen horrela izan.

Oraindik eskaera erantzun gabe dago, eta interneteko euskal komunitatearentzako (eta esango nuke bereziki datozenentzako) izan dezakeen garrantziagatik, ez baduzue sinatu sinatzera gonbidatzen zaituztet, hemen. Bide batez, nahiz eta ez den zuzenean euskal komunitatearen eskaera bat honek ere lagun diezaguke aurrerago azalduko ditudan arazo batzuen kalteak gutxitzen. Izan ere, hizkuntza bakarra aukeratu behar bada gehienetan hizkuntza gutxituaren kaltetan izango da, baina behin euskara etiketa lortuta, hainbat hizkuntza aukera badaitezke oso bestelakoa izango da egoera. Beheragoko ingelesezko artikuluan ere aipatzen da kontu hau.

Ez dakigu Twitchek noizbait erantzungo duen, baina zarata ateratzea geratzen zaigu behintzat ez gaitezen saiatu ez izanaren penarekin geratu. Begira, garai bateko euskarazko streametan arraroa zen norbaitek topatu eta gainera euskalduna izatea. 2020ko martxoa inguruan ikusi nuen nik (etiketa ezaren arazoak, iristen garenera iristen gara, auskalo jende gehiago ari den edo ez) lehen aldiz jende nahikotxo stream batean (euskal komunitatea izateko, noski) eta denbora batera etiketa euskaraldian lortzen saiatzearen ideia izan genuenean gutxinaka igotzen zihoan ikusle eta streamer kopurua, eta kanpaina horrek oraindik jende gehiago batzea ekarri zuen. Izan ere, jendea euskaraz ikusteak jende berria euskarazko streamak egitera animatzea dakar. Eta etiketa lortu zein ez, sare hau sendotzen eta zabaltzen saiatzea dagokigu.

Kontua da etiketa gabe, euskalzaletasun ia militantera iritsi zaitezkeela soilik. Hau da, euskararen aldeko jarrera aktiboa duenak topa ditzake erreferentziak sarean eta topa dezake non aurkitu jendea. Oso ondo. Baina iruditzen zait hain justu Twitchek euskal komunitatearentzako duen potentzial askatzaileena mainstreamtasuna dela. Hau da, Twitchek potentziala du euskara eskolako zerbait bezala duen norbaitek euskarazko stream bat ikusteko (bideojoko edo dena delakoa atsegin badu), eta komunitatea Twitchen parte garrantzitsua denez, zerbaiten parte sentitzeko euskararen bidez.

Hori du baita ere ahulgunea, izan ere komunitatea parte garrantzitsua denez (egunero/astero streamerra ikusteak, bere eboluzioa ikusteak, komunitatearen barne bromak ulertzeak, streameko txatak, astean hainbat ordu jende berdinarekin pasatzeak… komunitatea sortzen du), euskarak duen hiztun kantitate mugatuak edo inguruko hizkuntza erraldoiek jada jende asko batzen duten (eta teknikoki bost miloi aldiz baliabide gehiago dituzten eta profesionalizatuagoak dauden) stream erraldoiak ulertu ahal izatea dakar, eta zerbait oso berezia gabe zergatik aukeratuko du euskararekiko kontzientzia ez duenak euskarazko streama gaztelera/frantsesa/ingelesezkoaren ordez? Horri erantzun bat topatzea oso garrantzitsua da.

Euskararen kaltetan doan beste puntu bat harpidetzak dira. Pertsona batzuk ordu asko eskeintzen dizkiete streamei, eta Twitchek harpidetza sistema bat du zeinaren bidez streamerrak dirua irabaz dezakeen. Logikoa denez, geroz eta ikusle gehiago, harpidetzekin bizi-edo ahal izateko aukera gehiago. Orduan euskaraz badakien jende askok gazteleraz egiten ditu streamak (oso legitimoki, hori ere esan behar dut) harpidetza gehiago izaten saiatzeko edo. Eta azkenean, harpidetza asko dituen norbaitek ia beti komunitate handia du atzean (horregatik harpidetzen dira), eta hori erakargarria da baita ikusle izateko ere.

Honen kontura, erdi brometan erdi serio esan ohi dut euskal komunitateari gerta dakiokeen gauza onenetako bat euskal streamer bat pertsona oso famatua bihurtzea dela. Idoloen bila dabilen nerabe batek euskaraz egiten duen eta megakomunitatea duen streamer bat adoratzea. Ez bereziki adoratzearen dinamika maite dudalako, euskal erreferenteen gabezia bada erdal erreferenteetara joango delako baizik. Eta euskal streamer batek euskarazko streamak profesionalki hartu eta hortik bizitzea lortzen badu sekulako bultzada izango delako euskal komunitatea handitzeko.

Eta horretan gabiltza. Zorionez eta zoritxarrez ez gara bakarrak eta ez gaude bakarrik arazo eta erronka hauekin, duela hilabeteren bat artikulu hau atera zen The Vergen (ingelesez) munduko hainbat txoko ezberdinetako hizkuntza gutxituetako streamerrek dituzten erronken inguruan.

Espero dut Twitch oso gertuko ez duenari interesa piztu izana eta streametatik pasa zein ez sinatzera behintzat animatzea. Utzi iruzkinetan nola ikusten duzuen kontua edo honen inguruan gehiagotan idaztea nahi duzuen edo punturen batean gehiago sakontzea nahiko bazenute aipatu ezazue. Pila bat eskertuko nuke zuen iritziak irakurtzea ^^

Hurrengora arte!