Film eta telesailak euskaraz

Gaurkoan beste pantaila batez, edo behintzat beste eduki batez hitz egingo dizuet. Post honetan euskarazko film zein telesailak ikusteko aukerez arituko natzaizue.

Azken urteotan oso nabarmena izan da telebista konbentzionalaren nagusitasun osotik beste formatuetara eman den irekiera. Bai lehendabizi Youtube eta gero Twitchera, baina baita Netflix, HBO edo Filmin bezalako plataformetara batzuk aipatzearren.

Mundu mailan gertatu den zerbait da, baina nola eragin du horrek euskal herrian? Beno, erantzun eta zalantza batzuk azalduko dizkizuet. Hau ez dakit ziur, baina nahiko probablea iruditzen zait horrela gertatu izana: ETBk (edo FORTAk) edukiak eskuratu ahal izatetik (eta beraz euskarara zein Espainiar Estatuko beste hizkuntzetara ekarri), plataforma handien etorrerak Euskal Herrian (gure kasuan) ikus ditzakegun gauzak urrunago erabakitzea eragin du. Honek gure kasu konkretuan gauzak euskaratzeko ahalmenean (edo ahalmen ezean) eragin du. Zer ikusiko dugun gugandik urruti erabakitzeaz gain, euskararen biziraupenaren kezka ezagutu ere egiten ez duten batzuk erabakitzen dute.

Adibide oso argi bat duela gutxi DAZN kirol plataformak UWCL (Uefaren Emakumezkoen Txapeldunen Liga) mundu mailan emititzeko eskubideak lortu izana da (hemen). Oso berri ona da hainbat aspektutan, baina klaro, egoera horrek asko zailtzen du euskarazko emisioa egon ahal izatea. Saskibaloiko Euroliga ere DAZNek dauka. Kasu honetan euskaraz ikustetik erdara hutsean ikusi behar izatera pasa gara.

Horrela, gaur egun oso leku gutxitan ikusi daitezke euskarazko eduki berriak. Kirolean ia desagerturik (Movistarren noizean behin euskadi irratiko audioa aukera daiteke eta ETBn ikusi daitekeen gutxia ezik), telesail gehienak plataformetatik datoz (EITBren gutxiak kenduta) eta haiek banatzen dituzte, momentu honetan ezer gutxi egin daiteke horrekin. Filmekin ez dakit nola dagoen kontua, uste dut ez dagoela film gehiegi euskaraz, baina Covidaren krisialdiaz geroztik nahiko bigarren planoan daukat asuntoa.

Egoera hau dela eta, hainbat alternatiba sortu dira, beren alde on eta ez guztiz onekin:

EITB nahieran: Gaur egun euskarazko gauza gehien ikus daitezkeen espazioa da. Gehienean EITBk emandako saioak, baina badaude telesail edo film batzuk.

Argia multimedia: Denetariko ikusentzunezkoak biltzen ditu (hitzaldiak, dokumentalak, elkarrizketak, web telebistak…

Filmin: Plataforma erraldoietatik euskarazko eduki gehien duena, agian asko dokumentalak. bere alde on eta txarrekin. Harpidetza ordaindu behar da. Eskubide kontuengatik ez dakit Euskal Herri osoan ikus daitekeen.

Euskal Encodings: EITBn eman dituzten edo euskaraz publikatu diren euskarazko film eta telesail gehien topa daitezkeen sareko lekua eta asko kalitate oso onean. Alde txar bat du: ia guztia MEGAn jartzen dute, eta gerta daiteke gaur dagoena bihar ez egotea, sarritan ezabatzen dietelako edukia. Honetaz gain, MEGA ordaintzen askoz erosoagoa da.

Azpitituluak: Hauek ez dute bideorik jartzen, gehienean bolondresek egindako azpitituluak dira (batzuk oso onak, hau adibidez). Filmaren fitxan pelikula ze izenekin topa daitekeen jartzen du erabiltzaileak filma bilatu eta azpitituluekin ikusteko, baina film batzuk topatzea benetan zaila da ia inon ez daudelako izen hori duten artxiboak sarean. Batzutan Yifirekin konpontzen da, baina ez beti.

Euskomanga: Anime fansubak. Animea euskaraz ikusteko espazio espezifikoena, nahiz eta euskal encodingsen edo azpitituluaken badauden batzuk.

Azpititulatuak: Telegram behar da. Azpitituluak.eus eko azpitituluak filmean pegatuta topa daitezke. Sustatun eman zuten honen berri. Euskal Encodingsen bezala, estekak ezabatzeko arriskua izan dezake.

Konturatuko zineten bizirauteko dela. Hau da, gaur egun dauzkagun gabeziak partxeatu daitezke honela, baina oso egitura prekarioa da, zati handi bat edozein momentutan gal badaiteke (erabili disko gogorrak). Ez da egoera normal bat, eta ez genuke ohitu beharko prekarietate honetan bizitzera. Horregatik:

Pantailak Euskaraz: Euskara pantailetan modu ez prekarioan presente egoteko ekimenak biltzen dituen sareko espazioa. Garrantzitsua da hau bultzatu eta babestea, izan ere oso egoera absurdoa da plataforma ezberdinak ikusteko ordaindu beharra baina aldi berean plataforma horietan euskal-encodingsen euskaraz ikus daitezkeen gauzak edo azpitituluak.eusen azpitituluak dituzten filmak ezin euskaraz ikustea.

Eta hori, nola ikusten duzue kontua? Ezagutzen duzue zerrendatu ez dudan beste aukerarik?

Erantzun bat “Film eta telesailak euskaraz” sarreran

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude