Blog honetan duela urte batzuk idatzi nuenean aspektu batzutan oso egoera ezberdinean geunden.
Gaur interneten euskarazko ikusentzunezko edukia legalki hainbat lekutan topa dezakegu, baina erreferentzia eztabaidaezinena ZerNonIkusi da. Atal ezberdinetan Plataformetako edukia, Youtubeko edukia eta bilaketa egiten dugun egunean zinemetan euskaraz ikus dezakeguna agertuko zaizkigu (kontuan izan aste batetik bestera alda daitekeela azken hau). Ez da ikusentzunezkoetan topa dezakegun guztia, baina bai zati oso erraldoi bat. ZerNonIkusiren youtubeko atalaren aplikazioa dago, ZniTB, mugikorrean, Chromecastean edo Android duen telebista batean instala dezakezuena.
Beste plataformetan ere badabiltza euskaldunak, Twitchen esaterako euskaldun asko ibili dira zuzenekoak egiten. Une jakin batean nor dagoen jakin nahi baduzue Ion Lizarazuk sortutako tresna hau erabil dezakezue.
Tiktoken euskal sortzaileen jarraipena egitea zailagoa da eta nik dakidala ez dago tresnarik. Hala ere #euskaraz, #euskalherria, #euskaldunaktiktoken eta antzeko bilaketak egiten agertuko zaizkizue batzuk.
Peertube.eus kasu berezi bat da, izan ere bertako eduki guztia (ia-ia-ia guztia esango dugu) euskaraz dago. Beraz ez du bilaketa tresna beharrik. Editatu osteko bideoak zein zuzenekoak ikus ditzakezue bertan, hainbat tematika ezberdin topatuko dituzue: badaude tarotari buruzko bideoak, elkarteen artxiboak , Jokin_pa edo arkkusoren denetariko kanalak, software librearen inguruko hainbat gairen bideoak eta baita bideo edizio tutorialak ere. Ni ere topa nazakezue, hemen. Hauek adibide batzuk bakarrik dira, begiratu ea zer topatzen duzuen eta topatzen ez duzuena sortzera animatzen zaituztet <3
Peertube telebistan ikusteko? Ba nik (hau aukera pertsonala da) NewPipe erabiltzen dut.
Bideojokoei dagokienean oraindik ere ez daude asko euskaraz, horregatik bereziki garrantzitsua da Gamerauntsiaren webean dagoen euskarazko bideojokoen atala, batzuk ofizialki eta besteak zaleek itzuliak. Aipamen berezia: Ibaios.eus. ZerNonIkusiren youtubeko atalean ere bideojokoek bere txokoa dute, hemen ikus dezakezue.
Ezagutzen dituzue tresna gehiago? Baten bat ahaztu zait? Idatzidazue eta joango naiz editatzen eta gauza berriak sartzen.