Mundu berriak deskubritzen

Duela hilabete batzuk hainbat gauzarengatik nire ordainpeko spotify kontuan pentsatzen nengoela (norbaitek e-posta aldatu zuela eta ezin nuela errekuperatu baina sarbidea nuenez erabil nezakeen) ez dakit oso ondo nola InnerTune aplikazioa deskubritu nuen. Aplikazio honen funtzionamendua Spotifyren oso antzekoa da, ezberdintasuna da youtubetik hartzen duela musika.

Buruan zerbaitek klik egin zidan, eta aplikazio alternatiboen/hobetuen munduan sartu nintzen.

Hori eta gero Youtube esan nuen, nik youtube pila kontsumitzen dudalako. Adibidez, urteko hilabete konkretu batean (urtarrila eta martxoa artean, segun urtea, badakizue ^^) egunero 5 ordu baino gehiago pasatzen ditut youtuben. Baina orokorrean, askogatik eta edozertarako gehien erabiltzen dudana da.

Eta hara non, Smarttube topatu nuen. Iragarkiak kentzen dituen aplikazio bat da (konturatuko zarete horrenbeste ordurekin iragarkiak arazo nabarmena zirela niretzako), NewPipe ere dago, baina lehen momentuan huts egin zidan eta ez nion kasu gehiegirik egin.

Asko erabiltzen dudan beste aplikazio bat Twitch da, honek ere iragarkiak ditu, eta ia alternatibarik izango ote zen galdetzen ari nintzela SOundtv deskubritu nuen Twitch iragarki gabe (eta hainbat hobekuntzarekin) ikustea zer den.

Baina Peertube.eusen euskarazko bideo pila daude, eta nola ikusi ditzakegu telebistan? Kasu honetan, orain bai, NewPipe gustatzen zait.

Nola ez, euskarari dagokionean beste tresna interesgarri bat ZniTB da, telebistan youtubeko euskarazko edukia bakarrik agertzeko ZerNonIkusik sortu zuen tresna.

Zuek ze beste antzeko tresna ezagutzen dituzue?

Selekzioa

Ez dakit kontatu dizuedan, baina nahiko kirolzalea naiz. Beno, esan ohi dudan moduan kirola ikustearen zaleagoa egitearena baino. Eta hain justu hortaz-edo hitz egitera nator. Kirola ikusteaz, baina beste begirada batetik, ikuspegi nazionala.

Nire selekzioa euskal selekzioa da, beti izan da, eta kuriosoa da ze kirolean taldez pila bat aldatu dut. Oso mutantea izan naiz, aldaketa piloa izan ditut, antolatu naiz eremu ezberdinetan, gai ezberdinen bueltan, baina nire hizkuntza beti euskara izan da, eta nire selekzioa euskal herrikoa.

Ni txikia nintzenean euskal selekzioa aspirazio bat zen, eta denok nahi genuen ikusi ofizialki konpetitzen. Oso txikitan izan nuen nire lehen kamiseta. Gabonetan partidak zeuden, eta ilusioz beteta gindoazen. Jai giroa zegoen aldarrikapenean. Inkluso euskal selekzioaren bideojokoren bat atera zen.

Baina. Urteak. Pasatzen. Joan. Ziren.

Euskal selekzioaren aldeko taldea desagertu zen, espainiarrak (ni bizi naizen mugaren aldean euskal selekzioarekin ez doazenak espainiarekin doazelako) garai loriatsuan sartu ziren.

Garai loriatsu hark (ez futbolzaleentzat, 2008-2012) kasualitatez sare sozialen gorakadarekin konboa egin zuen, eta ya auzoko plazaz gain beste lekuetako jendearekin harremantzen ginen. Nik konkretuki 2012tik lagun talde espainiar egonkorra dut, eta 2009tik hona askoz harreman gehiago nire auzotik kanpoko jendearekin. Ez denak, baina asko espainiarrak.

Garai horretan bertan TDTa jarri zen, aldaketa kultural handi bat ekarri zuena: Euskarazko kateak 8tik(?) Bat izatetik kate pila eta super segmentatuetatik 2-3 izatera pasa ziren. Besteak beste ETB1 kate erdaldun salda batean galduaz, eta denborarekin erreferentzialtasuna baita ere. Gizonezkoen futboleko lehen mailako partidak aspalditik ez dira eman ETB1en (kasu isolatu batzuk kenduta, aurten hasiko da berriz ere kasu isolatu batzutan ematen).

Garai kritiko hortatik beraz, euskarazko ahotsik gabe ateratzen gara. Urte batzuk aurrerago sare sozialak guztiz gure bizitzen parte direla, (gizonezkoen) futbola ikusteko aukera guztiak erdaraz. Euskal selekzioaz ez gara ia gogoratu ere egiten Espainiak edo Frantziak jokatzen dutenean ez bada.

Kontua da utzikeria egoera horretan gaudela hasten garela ikusten gure inguruan geroz eta jende gehiago espainiar selekzioaren kamisetekin, edo espainia animatzen. Eta (gauza berria euskal herrian) naturalki, probokazio asmo minimoenarik gabe. Alarma guztiak pizten dira.

Zer. Kristo. Pasatu. Da. Hemen. ¿Ezta?

Ba gauza asko pasatu dira eta seguruenik eskapatu zaizkidanak, baina oinarrian kirolzalea dena espainiarren erdarazko narrazioak entzuten hazi dela, sare sozialetan gauza nahiko garrantzitsu bat zure publikoa nor den jakitea dela, eta haiei hitz egitea. Eta jende espainiarra espainiarekin doa. Honek egin du gure eduki sortzaile espainiar gogokoenak (euskaraz ez daude, ezta?) bufanda ultranazionalista espainola jantzita ikustea. Eta euskal selekzioaren presentzia sozial handia ikusten hazi garenoi txirriatuko digu, baina erreferenterik gabe hazi denak hori besarkatzeak harritzen gaitu? Ni behintzat ez, eta super argi daukat espainiar kamiseta daraman jende askok zerbait guayaren parte sentitu nahi duela, ez dela izaera sutsuki antieuskaldun bat, ni haztean kamiseta horrek errepresentatzen zuen bezala. Aldaketa super handia da, eta uste dut gutxitan esaten dela.

Gaur egun fijatzen bagara kirol espazio pila bat daude sarean indisimulatuki espainiarekin dihoazenak eta haietako asko ondo pasatzean zentratzen dira. Bakoitzak bere erreferenteak ditu, bakoitzak bere enfokea, baina ideia zentrala entretenitzea dute, informatzea, baina ondo pasaraztea.

Izan daiteke el chiringuito, baina izan daiteke a bote pronto, eta izan daiteke quiero ser como, eta izan daiteke la pizarra de quintana, eta izan daiteke menendezfayaren streama, Askok publiko ezberdina izango dute, baina denek dute komunean taldea egitea, entretenitzea, informatzea, zaletasuna partekatzea.

Hor kezkagarria izango da euskaldunoi ez etortzea burura Hiru Erregeen Mahaia, Kirol Unea, Kirolari Gaittun, Izerdi Patsetan edo Harresi Gorria. Izan ere, horiek (eta gehiago) gabe, ez dugu ia ahotsik izango.

Euskal selekzioaren aldekoontzako turbulentziak iaz piztu ziren. Emakumezkoen espainiar selekzioa gerran zegoen, eta uste guztien aurka munduko txapelketa irabaztea lortu zuten. Ez hori bakarrik, duintasunaren eredu bihurtu ziren. Eta peña, gauza batzuen aurka borrokatu daiteke, baina duintasuna eta borroka errepresentatzen dutenen aurka? Guk hau egin genuen.

Baina kontuak jarraitu zuen eta gizonezkoen selekzioa ere arrakastaren bidean sartu zen berriz. Orain ya 2008-12 zikloan baino jende bufandizatuagoarekin eta emakumeen selekzioak baino atentzio mediatiko gehiagorekin. Eta hau gertatu zen. Aldi berean beste hau baita ere. Galdetzen badidazue, oso konbentzitua nago egin genuenaz.

Gaur egun konfrontazioak ez garamatza inora (kasu honetan esan nahi dut), jendea iraintzen badugu guay pasa nahi dutelako ez dira inoiz gugana gerturatuko. Aldiz, guay pasako duten baina euskal selekzioaren aldeko espazioak baleude? Ba ez dakit, baina probatu beharko dugu, eta ni probatzeko gogoz nago.

16 urte hauetan bizi garen mundua asko aldatu da, gure herria asko aldatu da, jasotzen ditugun eraginak asko aldatu dira. Ez zait zentzuzkoa iruditzen karta bakarra jendea haserre manifak egiten eta kalean eta tuiterren (mastodonen ezin da) jendea iraintzen jartzea izatea.

Iruditzen zait prozesu luze bat dugula aurretik, mundua aldatzeko tresnak pixkanaka sortzen joango garen prozesua. Erreferenteak behar ditugu, ahots ezberdinak behar ditugu, dibertsioa behar dugu, euskal selekzioa ondo pasatzen ere aldarrika daitekeela erakutsi. Eta seguruenik hasiera batean kamiseta espainiarra daramatenei zuzendu beharko gara. Eta esan behar dugu: “ei, badakizue, hemen bada herri bat bere selekzioa izan nahi duena, eta munduko beste selekzio guztiek bezala komunitatea sortu nahi dugu, batuko zarete?”

Eta seguruenik lehen saiakeran ez du arrakastarik izango, baina saiatuko gara eta saiatuko gara, galdutako lur guztia berreskuratu eta gehiago irabazi arte. Ofizialtasunera arte.